Ikastaro bereziak

Albisteak

Azken albisteak

Murgiltzeak

Linguajaiak

Egindako linguajaiak

Apirileko linguaplaya

The Awakening

Martxoko Linguaplaya

King Arthur

2009.martxoa.26

Arizmendi Ikastolaren eta Mondragón Linguaren arteko akordioa

Debagoiena hirueledun baten alde

Elkarlan hitzarmena sinatu dute eta lehen urratsa ingelesezko antzezlan bat izango da

Arizmendi Ikastolak eta Mondragón Linguak akordio historikoa sinatu dute Debagoiena hirueleduna egiteko urratsak eman asmoz. Aipatu akordio horrek 2009ko irailera arte iraungo du, baina ondoren luzatzeko aukera aurrikusten da.

Hitzarmenaz haratago, jarduera zehatzak egitea da Arizmendi Ikastolaren eta Mondragón Linguaren asmo sendoa. Horren adibide da aipatu ikastolaren egoitzan egingo den ingelesezko antzezlan didaktikoa. Bertaratzen direnek, primeran pasatzeaz gain, euren ingeles maila neurtu ahal izango dute, test baten bidez. Aldi berean, Arizmendi ikastolara joaten diren haurren gurasoek, dohainik, ingelesezko ikastaro baten ikasgai bat jasotzeko aukera izango dute.

Aipatu bi erakunde horiek elkarlanerako aukera garbiak sumatu dituzte, hezkuntzari eta hizkuntzen ikaskuntzari dagokionez antzeko filosofia dutela agerikoa delako.

Arizmendi ikastolaren eta Mondragón Linguaren arteko akordioak nabarmentzen duenez, “hiru hizkuntzatan aritzeko ahalmena izatea funtsezkoa da maila pertsonalean zein profesionalean, egun eta etorkizunean, hezkuntza osoa, kulturaz jantzia eta gizatiarra jaso nahi duen edozeinentzat”. Bi erakunde horiek eleaniztasunari berebiziko garrantzia ematen diote “neurririk gabeko ezagutzan bide egiteko, mugarik gabe komunikazioa sustatzeko eta anitza izatea nahi dugun mundu global horretan gure nortasuna txertatzeko”.

Hemendik aurrera abian jarriko dituzten ekimenei esker, Mondragón Taldeko bi kide horiek “hirueleaniztasunak suposatzen duen erronkari buruz gizartea sentsibilitatzea” nahi dute. Horrez gain, Arizmendi ikastolako haur, guraso eta irakasleek euren ingeles maila hobetzeko aukerak izango dituzte, Mondragón Linguak eskainiko dien laguntzari esker.

Akordio hori izugarrizko urratsa da Debagoienan hirueleaniztasun sustatzeko ahaleginean, Arizmendi Ikastola eta Mondragón Lingua baitira, hezkuntzari eta hizkuntza-ikasketari dagokienez, erreferentzia nagusiak. Debagoienan euskarazko hezkuntza jaso duten gazte gehienak Arizmendi Ikastolara joan dira. Eskola horrek erabiltzen duen sistema sona handikoa da, gazteari autonomoagoa, kontzienteagoa eta helduagoa izaten lagunduko dioten baloreak eta hezkuntza sistemarik aurrerakoienak uztartzen dituelako.

Mondragón Lingua, berriz, Euskadin hizkuntzak erakusten dutenen artean erakunderik esanguratsuena da. Gainera, bere egoitza nagusia Arrasaten  dago eta Debagoienako biztanleek hizkuntza berri bat ikasi nahi dutenean Mondragón Lingua izan ohi da euren lehen aukera. Egun, Hirueledunak 2012 kanpaina sustatzen ari da eta, besteak beste, Arizmendi Ikastolarekin lortutako akordioak bultzatzen ditu.