2010.martxoa.16
Mondragón Linguak Donejakue bidean ingelesa sustatuko du
Conexia erakundearen bidez, "English: The Sant James way" egitasmo europarra burutzen ari da
Mondragón Linguak sustatutako Conexia elkarte kooperatiboak "English: The Sant James way" egitasmoa burutuko du aurki, Europako beste erakunde batzuekin elkarlanean. Donejakue bidearen gune euskaldun, espainar, frantziar eta italiarrean ostalaritza zerbitzuak ematen dituztenak ingelesean trebatzeko egitasmoa da.
Aipatu herriez aparte, Holanda eta Belgikako erakundeek ere parte hartuko dute.
Proiektuaren lehen urratsa ingelesezko zerbitzuen inguruan ibiltarien beharren eta ostalariek dituzten baliabideen berri izatea izango da. Aldi berean, irakaskuntza modulo berritzailea abian jarriko da landa-etxeetako eta ostatuetako langile eta arduradunek ingelesez zerbitzua emateko gaitasuna hobetu dezaten, ordenagailu eta 3G telefonoaren bitartez. Tarte horretan, aipatu aplikazio horren bideragarritasun komertziala ere aztertuko da.
"English: The Sant James way" egitasmoak parekotasun handiak ditu lehendik Mondragón Linguak garatutako beste batekin, "Taxi Drivers" deiturikoa. Kasu horretan, helburu nagusia hainbat taxista europar euren lanpostuetan ingelesezko zerbitzutan trebatzea zen.
Donejakue bidean egin asmo den ekimen honi buruz informazio gehiago jaso dezakezu "English: The Sant James way" webgunean.






