2008.urria.21
Uzta oparoa ematen hasi da Taxi Drivers proiektua
Mondragon Linguak Bruselan azaldu zituen gidariak trebatzeko sistema aitzindari honen lehen ondorioak
Mondragon Linguak Taxi Drivers kanpainaren lehen ondorioak azaldu zituen, joan den urriaren 6an, Bruselan. Europako Batasunak (EB) Leonardo da Vinci programaren bidez sustatutako proiektu hori frogatu duten lehen profesionalek ateratatako ondorioak oso onak izan dira, bertan agertu zenez.
Ziortza Olanok eta Mary Watsonek, proiektu horren arduradun eta Mondragon Linguako kideek, orain arte lortutako emaitzak aztertu zituzten nazioarteko egitasmo horretan parte hartzen duten gainontzeko bazkideekin batera. Taxi Drivers proiektua urtarrilean burutuko da eta bertan Alemania, Grezia, Frantzia, Hungaria, Belgika, España eta Italiako eragileak daude.
Bilera amaitu eta gero, Ziortza Olanok eta Mary Watsonek hitzaldia eman zuten proiektuaren sustatzaile den Comunidad Valenciana Region Europea fundazioaren egoitzan. Bertan, Taxi Drivers ekimenaren ezaugarri nagusiak azaldu zituzten eta orain arte egindakoaren berri eman zen.
Taxi Drivers egitasmoaren helburua PDA eta 3G sakeleko telefonoen bitartez taxi, autobus eta limusina gidariei hizkuntzak erakusteko sistema aitzindaria eskaintzea da. Jendearekin harreman zuzena izan arren hizkuntzak ikasteko oztopoak dituzten lanbideentzako bereiziki pentsatutako sistema da.
Ekimen honi esker, Erroma, Kolonia, Patras, Brusela, Bordele, Budapest, Gasteiz eta Vil·larrealeko gidariek aurrez-aurre sistema berriak eskaintzen dituen aukerak ikusi ahal izan dituzte. Lanean izaten dituzten geldialdietan hizkuntzak ikasten aritzeko bereziki aproposa da eta orain arte frogatu ahal izan dena zortzi orduko bertsio mugatua izan da. Bruselan Mondragon Linguaren izenenean egon zen ordezkaritzak nabarmendu zuenez, hizkuntzak ikasteko lineako sistema horrek gidariei eskaini dien zerbitzua oso egokia izan da eta kasurik gehienetan informazio gehiago izateko nahia agertu dute aipatu gidariek.
Aldi berean, Ziortza Olanok eta Mary Watsonek argi utzi zuten Taxi Driversek bultzatzen duen sistema, kirol ekimenak, jarduera kulturalak, mintegiak eta kongresuak medio jendetza hartzera ohituta dauden hirietan abian jartzeko oso egokia izan daitekeela. Hezkuntzak ikasteko metodo horrek eskaintzen duen abantailetako bat honokoa da: gidari guztientzat komunak diren ikasgaiak izateaz gain, hiri bakoitzerako bereziki egokitutako ikasbideak garatzeko aukera duela. Kasu honetan, gidari bakoitzak bere lan baldintzei eta hiriari egokitutako bi ikasgai izan ditu.
Hizkuntzak ikasteko parada emateaz gain, Taxi Drivers egitasmoak event manager deituriko sistema barneratzen du. Horren bidez, gidariek euren herrietan dauden ikuskizun nagusien berri izango dute, ondoren bere bezeroei informazio jantziagoa eman ahal izateko.






