MONDRAGON LINGUA
metodoa

Teknologia berrien eta aurrez-aurreko eskolen abantailak bateratuta

Hizkuntzen ikaskuntzan, alderdi batzuetarako askoz ere eraginkorragoa da kalitatezko informatika programa bat erabiltzea, eskola tradizionalak baino; eta, aldiz, aurrez aurreko eta irakasleak gidatutako eskolak eraginkorragoak dira beste alderdi batzuk lantzeko.

MONDRAGON LINGUAn, teknologia berrien eta aurrez-aurreko eskolen abantailak bateratzen ditugu, ikaskuntzaren atal bakoitzerako egokien den sistema erabiliz. Adibidez, gure informatika programa aurrez-aurreko eskola baino askoz ere atsegin eta eraginkorragoa da banakako ariketak egiteko, hiztegia ikasteko, idatzizko ulermena lantzeko, errepikapenezko jardueretarako, etab.

Gainera, norberaren erritmoaren arabera lan egin dezakete ikasleek, gainerako ikaskideen zain egon gabe edo besteak norberaren zain egon gabe; era berean, informatikak ariketen eta jardueren emaitzei buruzko berehalako eta banakako informazioa ematen du, eta irakasleari, berriz, ezinezkoa zaio talde batean ikasleek lortutako emaitzak berehala jakinaraztea.

Hau da, teknologia berriak erabiltzeak onura handiak dakartza, pedagogiaren ikuspegitik. Eta horiei erantsi behar zaizkien antolaketari dagozkion abantailak, adibidez programaren bidez egun bakoitzean hobekien datorkizun ordutegian ikasi ahal izatea, edozein ordenagailutan. Horrek ikasteko erraztasun handiak ematen dizkie denbora gutxi dutenenei. Gainera, tutoreak etengabeko sarbidea du, Internet bidez, ikaslearen nondik norakoak aztertzeko; beraz, ikaslearen ibilbidea erabat gidatua da.

Aldiz, aurrez aurreko eta irakasleak gidatutako eskolak baliagarriagoak dira pertsonen arteko komunikazioa sustatzeko (eta hori funtsezkoa da hizkuntzen ikaskuntzan), etorria eta ahoskera zuzendu eta lantzeko, jendearekin harremanak izateko, ikasleen artean giroa sortzeko, motibazioa areagotzeko. Era berean, eraginkorragoak dira bana-banako aholkularitzarako ere.

Beraz, gure sistemak hizkuntzen trebakuntzara aplikatutako teknologia berrien abantailak eta betiko aurrez aurreko eskolen abantailak bateratzen ditu, zerbitzu eraginkor eta malguagoa ematearren, betiere.